Emakunde Emakumearen Euskal Erakundea Hitzaldiak

 
Ir a página Principal
Hitzaldiak
| eu | es | en |
Hitzaldiak

Hitzaldiak

Emakunde. Manuel Iradier, 36 - 01005 VITORIA-GASTEIZ
Tel.: 945 016 700 . Fax.: 945 016 701
E-mail: emakunde@ej-gv.es

 

Hitzaldiak

"Gizon izateak duen kostuak:maskulinotasunaren arriskuak"

Txosten markoa: "Gizon izateak duen kostuak:maskulinotasunaren arriskuak"

"Gizon izateak duen kostuak:maskulinotasunaren arriskuak"

María Jesús Izquierdo Benito

Sexismoari egindako kritiken diskurtsoan, emakumeak zapalkuntzaren objektu izan dira; gizonei, berriz, subjektu zapaltzaileen rola eman zaie. Emakumeak subjektu pasibotzat definitu izanak, gizonezkoak subjektu zapaltzailetzat eta zapalkuntza hori errotik kentzeko arduraduntzat hartzea errazten du. Baina emakumeen eta gizonen arteko harremanak zapalkuntzazkoak direla baieztatzea, eta gizonezkoaren posizioa subjektuarena eta emakumezkoaren posizioa objektuarena edo subjektu pasiboarena baino ez dela ondorioztatzea oso gauza desberdinak dira. Azterketa osoa egiteko, subjektu/objektu terminoei buelta eman behar diegu.
Bestalde, sexismoak ematen dizkien pribilegioak galtzerakoan, gizonek rol aktiboa har dezaten espero da. Jomuga moralek bultzatzen omen dituzte horretara. Dena den, euren interesek eragin dezakete gizonek sexismoa deuseztatzea. Izan ere, gizonezko izateak ez dakartza irabaziak soilik, kostuak ere eragiten baititu. Gizonek gizartearen barruan duten estatusaren ondorioz, seme-alaben hutsunea dute eta familia mantentzeagatik gehiegizko erantzukizuna dute gainean.
Familia bat sortzeak ondareak eskuratzea dakar. Emakumeaz banatzen badira, ordea, gizonek errealitatearen beste aldearekin egiten dute topo: ezkondutakoan beretzat hartu zutenaz gabetzea. Emakumea bere ondoan mantendu ezean galduko duten etxearen zaindari eta aita izendatzen ditu sexismoak. Eta bada beste paradoxa bat: sexismoa defendatzeak ezarri zaizkien baldintzen susmagarri bihurtzen ditu. Boterea muga jakin batzuen barruan erabilita baino ez daiteke manten, eta sexismoa mantentzeko, gizonek ezin dituzte muga horiek zeharkatu. Hori dela eta, gizona erregea da, baina basati arriskutsu bat bailitzan estututa ere sentitzen da. Maitatzeari eta maitatua izateari uko egin gabe, zama/pribilegio hori alde batera utz al daiteke? Maite al dezake eta maitatua izan al daiteke zama/pribilegio horri uko egin gabe? Horiek dira gizonak aurrean dituen bi auzi handiak.

Azaldu du:

Mª Jesus Izquierdo Benito And.

Lotutako artxiboak:

Izquierdo.M_07_cast.pdf (Gaztelania)

Izquierdo.M_07_eus.pdf (Euskaraz)

Maskulinotasuna eta genero Harremanak eraikitzea"

Txosnen markoa: "Maskulinotasuna eta genero Harremanak eraikitzea"

Maskulinotasuna eta genero Harremanak eraikitzea"

Luis Bonino Mendez

Genero-harremanetako gizonezkoen nagusitasunaren eta antolakuntza patriarkalen ondorioz sortutako egitura soziala da maskulinotasuna. Aldaketarik baduen arren, fenomeno iraunkorra da; gizonezkoek izan behar dutena (eta izan behar ez dutena) zehazten duten balore, definizio, sinesmen, esanahiek osatzen dute, baina, batez ere, emakumeekiko harremanetan gizonek izan behar duten estatusak xedatzen du.
Identitatearen aginduez haratago, subjektu osoek duten toki existentziala eskaintzen die maskulinotasunak gizonei, emakumeei toki hori ez ziurtatzearen lepotik. Hori ulertzea, gure ikuspegitik, mundu bidezkoago eta gizatiarragoranzko aldaketan dauden bideak eta beharrizanak ulertzeko funtsezkoa da. Aldaketa hori genero-ikuspegitik pentsatzen badugu, berdintasunean oinarritutako harreman osasungarriagoak bilatzeak ekarpen handia izango du (gizonezkoetan zentratuz gero): egungo emakumeak diskriminatuta, aukera murritzagoekin eta hiritar legitimazio gutxiagorekin bizitzea betikotzen duten gizonezkoen bizimoduko eta maskulinotasuneko alderdiak eraldatzeko eginkizunari lehentasuna ematea.
Gizonezkoek euren maskulinotasuna erabiltzeagatik dituzten kostuak arintzen saiatzea gizonen ongizaterako eginkizun garrantzitsua da, baina ez du genero-desberdintasunaren eraldaketarik bermatzen. Are gehiago, erabilera horrek emakumeengan duen eragin suntsitzailea ikusezin bihurtzen du, eta batez ere, generoen arteko itun demokratiko bat lortzeko ezinbesteko bideak murrizten ditu.
Auzi hauen ingurukoak zabaltzeko, txostenak maskulinotasun hegemonikoaren konplexutasuna berreraikiko du txostenak. Ondoren, hurrengoak deskribatuko dira: genero-harremanen ikuspegia –identitateaz gaindikoa- txertatzeak maskulinotasunak emakumeen eta gizonen bizimoduetan duen eragina azaltzeko nolako aukerak ematen dituen, nola eta zergatik emakumeek okerrago pasatzen duten bizitza, eta nola ekin norbere ezagutzari eta berdintasuneranzko bideetarako gizonen aldaketari.

Azaldu du:

Luis Bonino Mendez Jn.

Beren burua zaintzen duten gizonak, besteak zaintzen dituzten gizonak, besteek zaintzen dituzten gizonak

I. panela: Osasuna eta Zaintzak
Txostena: "Beren burua zaintzen duten gizonak, besteak zaintzen dituzten gizonak, besteek zaintzen dituzten gizonak"

Beren burua zaintzen duten gizonak, besteak zaintzen dituzten gizonak, besteek zaintzen dituzten gizonak

Benno de Keijzer

Txosten honetan, gizonen genero-eraikuntzaren eta osasun alorraren artean dagoen fasea aztertzen da, bai ondorioen analisian eta bai potentzialtasunen analisian. Gizonen osasuna/gaixotasuna/arreta prozesua erdi ezkutuan mantentzen da genero ikuspegitik osasun alorrean egin diren ikerketetan, nahiz eta ondorio larriak eta kostu handikoak eragiten dituen –hala zuzenean, nola zeharka– bai gizonen eta bai emakumeen osasunean.

Latinoamerikako osasun zerbitzuak ez dira guztiz atera “ama-haurraren” paradigmaren inertziatik beren programetan. Horrek galarazi egiten du ikustea eta bultzatzea gizonezkoen parte-hartzea familiaren plangintza (ugaltzeko osasuna orain) bezain ikuspegi zehatzetatik, edo gaixotasun kronikoen programak, buruko gaixotasunen edo osasunaren sustapen-programak. Eta are gutxiago uzten du gizonezkoak umeen osasunaz ardura daitezen. Gure kulturan “zaindu” aditza emakumeekin lotuta dago eta ez du osperik gizonezko askorentzat.

Badira hainbat ahalegin ofizial genero ikuspegitik adin desberdinetako gizonekin lan egiteko, baina ahalegin hauek alor hauetara mugatzen dira nagusiki: GIBaren prebentzioa (HSH edo Gizonek Sexua Gizonekin taldean batez ere), galarazitako substantzien prebentzioa eta gizonezko erasotzaileekin lan-ereduren bat. Ez da kontuan hartzen –hiru adibideok hartuta– arazo hauek elkarren artean lotuta daudela, gizonezko batek haren bikotearekin/familiarekin indarkeria-harremanik badu, sarri askotan substantzia horietaz abusatzen duela, eta, ziur asko ez duela kontu handirik (ez berekiko, ez besteekiko) sexualitateari eta ugalketari dagokionean. Latinoamerikako testuinguruan gizartetik bertatik sortzen dira proposamen integralenak eta interesgarrienak gizonezkoekin egin beharreko lanean.

Aurkezpen honetan hiru alderditan sakontzen da:

- Mexikon eta kontinenteko beste herrialde batzuetan azken 20 urteotan gizonezko heldu eta gazteekin osasunaren alorrean egindako lanean ateratako ikasgaiak.
- gizonezkoengan aldaketak izan direla pentsatzera garamatzaten zenbait arrasto, Mexikon egindako ikerketa batetik abiatuta.
- politika eta programetarako proposamenak, osasunaren alorrean bai emakumeak eta bai gizonak kontuan hartuko dituen hartu-eman ikuspegitik.


Lola Ferreiro Díaz

Estiloak eragiten dituzten funtzionamendu pertsonaleko eredutzat jo ohi ditugu eta geure buruarekin zein besteekin ezartzen ditugun harremanetan eragina dutela pentsatu ohi dugu.
Emakumeen autoagresibitatea eta pairamena, gizonezkoen heteroagresibitatearen eta egozentrismoaren aldean, desberdintasuna baldintzatzen duten gakoak izateaz gain, osasunean eragin erabakigarria duten bi elementu dira.
Hortaz, autoagresibitatea, gordetako tentsioa adieraztearekin lotuta dauden zenbait koadro psikosomatikorekin lotuta dago eta pairamenaren ondorioz, euren burua ez dute zaintzen eta gainerako pertsonak zaintzen dituzte. Bestalde, pairamenaren ondoriozko zaintza onartzea eta, are gehiago, exijitzea dakarten heteroagresibitateak eta egozentrismoak ez dute uzten edo eragotzi egiten dute, norbere ekintzen ondorioak kontuan hartuta jarduteko beharrezkoa den erantzukizunaz jabetzea.
Genero-jarduerek bereziki eragiten dute sexu-esparruan. Gozamena lortzeari dagokionez: emakumeek euren gozamena inorenaren mende jartzeko joera dute, eta batzuetan, uko ere egiten diote gozatzeari, eta gizonezkoek gizontasun egiaztatzen dute sexualitatearen bidez eta beste pertsonaren gozamena gizonezkoek eurek duten “ahalmenarekin” lotzen dute.
Bestalde, beste pertsonarengan subjektiboki izandako itxaropenei ez erantzuteko beldurraren ondorioz, erabakitzeko eta jarduteko askatasuna murriztu egiten da eta erantzukizunez jarduteko aukerak mugatu egiten dira. Beraz, beldur hori, subjektiboki, babesik gabe jarduera sexualen ondorioak baino garrantzitsuagoa den heinean, ia ezinbestekoa da arriskuan jartzea.
Hori guztia, neurri handi batean, inkontzientea da eta, beraz, nekez konpon daiteke osasun-informazioko ohiko prozeduren bidez edota gizarte-trebetasunak entrenatzean oinarritzen diren prozeduren bidez.
Horrez gain, sexu-esparruan, autoesplorazioa eta adierazpena eragozten dituzten tabu kultural ugari daudela kontuan hartzen badugu, aldi berean hiru jarrera-elementuak (afektiboa, kognitiboa eta konduktuala) tratatzen dituen baterako hezkuntzako esku-hartzea baino ez da eraginkorra izango arriskuko jardueren ondorioak aurreikusteko eta osasun-maila hobetzeko, nahi den sexualitate askeaz gozatzeak eragiten duen asetasuna areagotuz.

Azaldu du:

Benno De Keijzer Jn.

Lola Ferreriro Díaz And.

Lotutako artxiboak:

Ferreiro.L_07_cast.pdf (Gaztelania)

DeKeijzer.B_07_cast.pdf (Gaztelania)

DeKeijzer.B_07_eus.pdf (Euskaraz)

Ferreiro.L_07_eus.pdf (Euskaraz)

Gizon izaten ikastea: arrisku-ereduak eta jokabideak

II. panela: Gazteria, Aisia eta Arriskua
Txostena: "Gizon izaten ikastea: arrisku-ereduak eta jokabideak"

Gizon izaten ikastea: arrisku-ereduak eta jokabideak

Richard de Visser

Gazteen gehiegizko alkohol kontsumoaren arazoari heldu ahal izateko, beharrezkoa dugu jakitea zergatik edaten duten gizon batzuek gehiegi, eta beste batzuek ez. Ikerketa kualitatibo honen helburua zen identifikatzea nola dauden lotuta gazteek alkohola kontsumitzeko dituzten ereduak eta gizonezkotasunaz dituzten usteak, hala nola ikustea nolako garrantzia duen edariak haien gizonezko nortasunean. Bana-banako hogeita hamaika elkarrizketa egin ziren, bost eztabaida-talde eratu, eta, horretarako hainbat etnia eta egoera sozioekonomikotako gizonak erabili ziren; 18 eta 21 urte bitarte zituzten, eta Londresen bizi ziren, Ingalaterran. Azterketak argi utzi zuen zenbait lotura daudela maskulinotasunaren eta alkoholaren kontsumoaren artean. Gizon batzuek –gutxiengoak- guztiz baztertu zuten edozein lotura izatea maskulinotasunaren eta alkoholaren kontsumoaren artean, eta beste jokabide batzuek gizonezko nortasunean duten garrantzia azpimarratu zuten. Beste batzuek uste zuten alkohola edatea maskulinotasunaren ezaugarri bat zela, eta, beraz, beren jokabidearen ikuspuntutik, garrantzi handia eman zioten alkohol gehiegi edateari. Hirugarren taldeak onartu zuen bazegoela lotura bat maskulinotasunaren eta alkohol kontsumoaren artean, baina azpimarratu egin zuen gizonek jasan zezaketela “gizon” modu horretan edan beharrak zekarkien presioa, baldin eta beste “gizon” esparru batzuetan, kirolean adibidez, beren ahalmenaren “aitortze” metatua bazuten. Emaitzek argi erakusten dute ezen, gizon askok ugari edatea gizonezko portaera adierazgarria dela uste duen arren, ez direla errazak maskulinotasunaren eta osasunarekin zerikusia duten gizarte-jokabideen arteko erlazioak, eta edatea azken horietako bat da. Gizonek gizonezkotasunaren “aitortze” horrekin tratuan ari daitezkeela ohartzeak aditzera ematen du, eman ere, garrantzitsua dela moduren bat aurkitzea gazteei laguntzeko, gizonezko identitateak gara ditzaten alkohol gehiegi edan behar izan gabe, eta horrek dakartzan kalteak alboratuta.


Benilde Vázquez Gómez

Duela hainbat hamarkadatatik hona, sexuen arteko berdintasunaren aldeko borrokak, gehienbat, emakumeen gaineko estereotipo nagusiak eta emakumeek gizartean bete ohi duten rola aztertzeari eta hausteari heldu dio; hala ere, azken urteetako esperientziak argi uzten du ez dela nahikoa emakumeak aldatzea, aldi berean gizonen gaineko estereotipoak aldatzen ez badira.

Hasieran, mugimendu feministek gizonen jokabideak imitatuz bilatu zuten berdintasuna, baina horrela, paradoxikoki, gizonezkotasunaren gizarte-balio handiagoa sendotu egin zen, gure historian lehendik ere oso finkatuta egon arren.
Zertan oinarritzen da gizarte-balio handiago hori? Nola eraiki da gizonezko nortasun hori, gizonarentzat, balio fisiko handiagoa ez ezik, mentala ere dakarrena? Zein elementurekin osatzen da?

Txosten honetan, laburki bada ere, horretarako tresnetako bat kirola dela aztertu eta ikusiko dugu. Gizakien jarduera-mota horretan jokoan jartzen dira gizonezko nortasun nagusiaren ezaugarrietako asko: indar fisikoa, oldarkortasuna, lehiakortasuna, protagonismoa, lidergoa eta abar.

Historiari erreparatuta, agerikoak dira kirolaren eta maskulinotasunaren arteko lotura estuak, bai haren hasieran, Grezia klasikoan, bai gaur egungo kirolean. Maskulinotasuna indartuta atera da historia osoan hain ohikoak izan diren gerra-borroketatik, baina indartze hori areagotu egiten da egungo kirol-borroka eta –lehiekin. Aipatu identifikazioek zaildu edo galarazi egin zuten emakumeek kirolean parte hartzea, bereziki, oso berriki arte, kirol jakin batzuetan, edo, oraindik ere, gizarte-ingurune ugaritan.

Jakina, lotura edo asoziazio horiek oso goiz eta oso sakon ikasten dira gizarteratze goiztiarrenaren adierazpenetatik, haurraren lehen urteetatik: familian batez ere, eskolan ondoren, eta, betiere, gizarteratzeko gainerako eragile zuzen edo zeharkakoen bidez. Horregatik da hain zaila ikusmolde horiek ezabatzea, eta horregatik hartzen dira kirol asko emakumeentzat oso duinak ez diren jardueratzat.

Sakon-sakonean, arrazoi mota berengatik garatzen dute lehenago mutikoek, edo berek bakarrik, kirolaren gaineko eta horretan aritzeko interesa, horregatik hurbiltzen dira kirolera, eskuarki aitarekin identifikatzen direlako, horrek kirolari eta horren praktikari lotuta egon ohi diren gizon-balioak hezurmamitzen ditu eta. Neskatoen kasua, lehen bezala orain ere neurri handi batean, bestelakoa da, amarekiko identifikazioak balio eta interes horietatik urrundu duelako.

Haurrek eta nerabeek, kirolari esker, aurre egiten diete arriskuko jokaerei, bizitza normalean ezin onartuzkoa litzatekeen halako oldarkortasun-maila edo indarkeria normalizatu bati. Hori dela eta, oinarrizko eztabaida hau izango litzateke: Ona da kirola maskulinotasun berria eraikitzeko? Nahi izatekoa da indarkeriazko jokabideak ikastea oldarkortasuna eta nagusitasun fisikoa indartzeko, estereotipo maskulinoaren nortasun-ezaugarriak izaki?

Soziologo askoren ustez, kirol-lehia gizarte modernoetan indarkeria soziala irudikatzen duen eufemismoa da. Alde horretatik, egungo gizarteak norbanakoetan zein gizartean bertan sortzen duen oldarkortasun handia bideratzeko tresna bat omen da, nahiz eta, jakina, kirolak berak indarkeriazko ekintzak eragin ditzakeen, batez ere gizartean zabaltzen diren kirol-ikuskizun handietan.

Kirol-irakaskuntzaren helburuak gehiago heldu behar dio oldarkortasun horren eta beste portaera desbideratu batzuen kontrolari, bai eta beste jokabide batzuk indartzeari ere, besteak beste, lankidetza, ahalegintzen eta sakrifikatzen jakitea, larrimina kontrolatzea…, kirolean beharrezkoak izateaz gain, onuragarriak direlako gizarte-esparruan.

Hortaz, erraz ulertzen da kirolaren bidez berez emakumeenak balira bezala hartzen diren hainbat jarrera, balio eta portaera sustatu eta zabaldu ere egin daitezkeela. Horregatik uste dut kirolak, beste edozein giza jarduerak bezala, ez daukala sexurik.


Beatriz Moral Ledesma

Txosten honetan, gizonezkoek bidean ezbehar gehiago izaten dituztela azal dezaketen zenbait faktore soziokultural aztertuko ditugu. Gaur, gizonezko askok, nagusi den gizonezkoen ereduaren ondorioz ausarkeriaz gidatzeko jarrera hartzea da azterketa hau egiteko erabili dugun ideia nagusia. Motor bidezko ibilgailuak gizonezkoen eredu horren araberako balioen irudia dira, eta eredu hori adierazteko biderik egokienetako bat da.
Motor bidezko ibilgailuak eta ibilgailuok erabiltzeko era, gizonezkoen identitatea eraikitzeko eta erakusteko baliagarriak diren konnotazio sinboliko jakin batzuekin lotzen dira. Ausarkeriaz gidatzea ibilgailuak erabiltzeko era horietako bat da eta, gure ustez, gizontasuna erakusteko erarik arriskutsu, arautu eta orokortuenetako bat da.
Beraz, ez dugu esan nahi gizonezko guztiek ausarkeriaz gidatzen dutenik, zeren denek ez baitute era berean erantzuten gizonezkoen eredu nagusiarekiko. Baina egia da, halaber, ausarkeriaz gidatzen duten txofer gehienak gizonezkoak direla, eta horrek, gaurko bideko ezbeharren tasa ulertzen eta mozten lagunduko digun premiazko azalpena eskatzen du.

Azaldu du:

Richard De Visser Jn.

Élida Alfaro Gandarillas And.

Beatriz Moral Ledesma And.

Lotutako artxiboak:

DeVisser.R_07_engl.pdf (Ingelesa)

Moral.B_07_cast.pdf (Gaztelania)

De_Visser.R_07_cast.pdf (Gaztelania)

De_Visser.R_07_eus.pdf (Euskaraz)

Moral.B_07_eus.pdf (Euskaraz)

Diruaren kudeaketa gure eguneroko bizitzan: irabazitakoa, gastaturikoa, inbertiturikoa, ordainduriko zergak

III. panela: Diruaren Kudeaketa
Txostena: "Diruaren kudeaketa gure eguneroko bizitzan: irabazitakoa, gastaturikoa, inbertiturikoa, ordainduriko zergak"

Diruaren kudeaketa gure eguneroko bizitzan: irabazitakoa, gastaturikoa, inbertiturikoa, ordainduriko zergak

Capitolina Díaz Martínez

Bikoteek diruarekin eta haren kudeaketarekin zer-nolako harremana duten aztertu du egileak. Eta jabetu da eredu tradizionaletan errotutako “ezkontza” egiturak mantentzen direla eta horrek halako “identitate maskulinoa” dakarrela berekin. Familietan eta bikoteetan dauden lotura afektiboen oinarriari buruz, baliabide materialei buruz eta euren kudeaketari buruz, eta rol batzuei eman ohi zaien balio eta esanahiari buruz ari da egilea bere lanean.
Genero-rolen, menpekotasunen eta eraginen inguruan aldaketak sumatzen badira ere, trantsizioa aldaketa handien artean ari da gertatzen, merkatu ekonomikoetan, bertakoetan eta globaletan izaten ari diren aldaketa handien artean. Faktore horiek etxebizitza batean edo lanean sartzea baldintzatzen duten beste eragile aldakor batzuekin batera egiten dute lan. Hala, pertsonen aukerak murrizten dituzte errotuta dauden hainbat rolekiko autonomia eta bereizketa lortzeko. Bikote bizitzan eta bizikidetza-eremuetan pertsonen ahalmena mugatzen edo gatazka-iturriak eta ezkutuko herrak sortzen dituzten rolekiko, hain zuzen.
Nabarmentzekoak dira zenbait kultura-oinarri ere, gizarte-harreman guztien artean zenbait “familia” harreman besteen gainetik lehenesten dituztelako. Familia, Espainian ere, baliabide nagusia da ospitalean dauden senideak zaintzeko, baita finantza eta bankuen abal-iturria ere. Gure herrian ezagun da gurasoen etxea utzi duten semeak ez direla askorik mugitzen, eta bikote gazteak ere euren jatorrizko familietatik gehiegi ez aldentzen saiatzen direla.
Ezin da hain garden ikusi etxe barruan gizonezkoen agintea mantentzen den, “berretsi beharreko” agintea, gizonezkoek zenbait botereri eutsiko badiote. Egileak bere buruari galdetzen dio ez ote garen zenbait sozializazio-patroi eusten ari, etengabe genero-rol tradizionalak berritzen ari, nahiz eta gaur egun eskakizun sozial, kultural eta ekonomiko berrietan txertatuak egon.


María Pazos Moran

Gizonezkoek eta emakumeen bikotean izan ohi duten jokabidea arreta handiz aztertzen da ikerkuntza feministan. Ikerketa askoren arabera, baldintza materialei dagokienez gauzak aldatzen direnean ere (adibidez, emakumeek gizonezkoek baino gehiago irabazten dutenean), emakumeen eta gizonezkoen jokabideak bat datoz ohiko genero-rolekin. Fenomeno hori ezagutu beharra dago, zabalago, sakonago eta aldakortasunari dagokionez.

Begien bistakoa bada ere, badirudi, baldintza, herrialde zein sasoietan menderatzea mantendu egiten dela. Emaitza horiek oso interesgarriak dira, batez ere, arazoa ukatzen den giroetan. Espainian, emakumeak diskriminatuta egoteari, genero-indarkeria egoteari eta abarri buruzko eztabaidak argitu gabe irauten duen bitartean, askok feminismoa modatik pasatutako zerbait dela aldarrikatzen dute, zeren, dagoeneko, ‘berdinak’ baikara. Behin eta berriz ukatze hori, aldaketaren aurkako oinarrizko elementuetako bat da. Testuinguru horretan, uler daiteke feminista askok arazoa hor dagoela eta iraun egiten duela nabarmentzea (eztabaida betikoa da, alde batean betikoak daude, eta bestean patriarkatuak irauten duen ala ez zalantzan jartzen duten korronte feministak –edo alde bera ote dira?-)

Baina ordena sexualak irauteari edo aldatzeari buruzko eztabaida horrek (Bourdieu-k ‘Gizonezkoen dominazioa’ lanean alferreko eztabaida dela esaten digu) bi arrisku dauzka: bata, eztabaida faltsua dela, zeren aldaketak bai baitaude eta oso garrantzitsuak baitira. Izan ere, aldaketaren seinale da eztabaida hori gaindituta izatea: bitxia badirudi ere, emakumeen estatusa aurreratuagoa den herrialdeetan, Suedian, esate baterako, alderdi politiko gehienak feministak dira; beraz, gehienek dominazio patriarkalak edo dena delakoak iraun egiten duela onartzen dute. Suediako mugimendu feministek, berriz, ez dute dominazio hori zehazteaz arduratu behar eta aldarrikapen politikoak lortzen jarduten dute. Genero-desberdintasun handiagoak dauden herrialdeetan, ordea, muturreko jarrerak dira nagusi, hau da, emakumeak etengabe zapalduta daude eta ezin dira dagoen munduan integratu. Jarrera horien ondorioz, askotan, aldarrikapen politikoak albo batera uzten dira (konponbide bakarra ‘paradigma aldatzea’ izango litzateke) eta erresistentzia murriztu egiten da eta jarduera indibidualetan edo eguneroko bizitza hausten duten balentrietan baino ez da adierazten eta, batzuetan, nolabaiteko ghettoak sortzen dira. Balentria hausle horiek, aukera pertsonal gisa errespetagarriak badira ere, gehiegi eskatzen dute emaitza txikia eta zalantzagarria lortzeko (Bourdieu, aipatutako lana).

Eztabaidan irautearen edo aldaketaren aldeko jarrerak izatearen bigarren arriskua, energia eta denbora galtzeaz gain, honako hau da: iraunkortasunaren ekiten badiogu, paradoxikoa bada ere, arbitrarioa den zerbait saihestezina balitz bezala azal dezakegu (Bourdieu-ren hitzetan: ‘arbitrarioa natural bihurtzea’ edo ‘banaketa sexualaren egiturak eta dagozkien banaketa-printzipioak erlatiboki historiatik ateratzea eta betikotzea’). Hau da, berriz ere, emakumeak desberdinak direla eta, beraz, erremediorik ez dagoela nabarmenduko genuke.


Clara Coria

Diruari buruzko lehen ikerketak egin nituenetik –“El sexo oculto del dinero” (1986) (Diruaren sexu ezkutua) eta ondoren “El dinero en la pareja” (1989) (Dirua bikotean) liburuekin amaitu ziren aurreneko ikerketa haiek– aldaketa asko izan dira gizartean, eta, ondorioz, gizon eta emakumeen arteko diru-trukean ere aldatu dira kontuak. Emakume batzuek lortu dute dirua administratzea; beste batzuek independentzia ekonomikoa lortu dute, baina, harrigarria bada ere, autonomiarik ez dute eskuratu, eta gehiengo zabal batek menpekotasun eredu tradizionalak betikotzen ditu, zenbaitetan modernotasun-aire baten atzean itxurak eginez. Denbora berean, gizonezko batzuek, emakumeen ekinarekin presionatuta, onartu dute emakumeek, maila bateraino bada ere, independentzia ekonomikoa izatea. Nolanahi ere, puntu honetan egin nahi dut azpimarra: bai, egia da zenbait lekutan (ez uste den bezain bestetan) eta emakume batzuek (ez gizartearen aldaketek ahalbidetzen duten bestek) lortu dute independentzia ekonomikoa, eta, areago, baita autonomia ere, baina horrek ez du esan nahi gizonezkoen eta emakumezkoen eredu subjektiboak aldatu direnik diruarekiko. Konparazio bera da: zenbait txiro aberats izatera iritsi izanak ez du esan nahi, inolaz ere, pobrezia desagertu denik, ezta azkeneko etekin ekonomikoak irizpide solidarioagoekin banatu direnik; txiroek euren txirotasunean mendez mende pairatu eta ikasitako irizpideen aldean, esan nahi da. Bigarren milurtekoaren amaiera aldera, emakumeek hainbat lorpen eskuratu zituzten dirua eskuratzeko bidean –eta norabide horretan baita independentzia ekonomikorako bidean ere–, baina hirugarren milurtekoaren hasiera honetan, aurrerapenak aurrerapen, konpondu gabeko gatazketan korapilatuta daude emakumeak. Eta gizonezkoak ere gatazkan, hauek botere-banaketaren proposamen berriekin.

Emakume bakoitzak bere aldetik lortutako autonomia-maila edozein dela ere, munduko ordenuan nabarmena da gizonezkoen hegemonia. Nabarmena eta agerikoa, bai diruaren banaketa jakinean, eta bai emakumezkoen eta gizonezkoen subjektibotasunean oharkabe baitaratutako ereduetan. Eredu hauek inkontziente kolektiboan hedatzen dira eta baitaratzen sexu-generoaren identitatearekin batera. Oharkabeko fenomeno hau “diruaren sexuazioa” izendatu nuen. Horrek esan nahi du gure gizartean dirua, oharkabe, gizonarentzat dela eta bere sexu-ahalmenari lotua dagoela, ia-ia gizonezkoen identitate sexualaren adierazle bihurtzeraino. Sexuazio hau indarrean dago oraindik, nahiz eta legean eta gizartean aldaketa asko lortu diren, sexuazioa psikismoan dagoelako ezarrita eta oso antzinako ikusmoldeei lotuta; eta inkontzientean daudenez, aldaketek ez diete eragiten ikusmolde horiei. Diruaren sexuazioari loturik doa “dirua gizonen kontua” delako ideia eta horrek betikotu egiten ditu emakumeen mendekotasun asko eta askotarikoak, baita gizonezkoen beldur eta larridurak ere. Hala mendekotasunak nola beldurrak (biak ala biak inkontzienteak normalean) zenbait sintoma sortzen dituzte; sintoma horiek eguneroko bizimoduan barneratzen doaz hainbat aurkakotasun jarreren bidez, batzuk estaliagoak, beste batzuk agerikoagoak. Hainbat emakumek bizi duten indarkeriak kontra-indarkeria sortzen du (besteenganako edo euren buruaren aurka) eta horrek are babesgabeago uzten ditu. Eta gizonezkoek bizi dituzten indarkeriak (bai emakumeen erantzunagatik edo bai presio sozialengatik) boterea lortzeko borroka bultzatzen dute, borroka latza zenbaitetan.

Oraingo honetan, aurkeztuko dut diruaren sexuazioak zer-nolako itxurak hartzen dituen eta gizonezkoengan eta emakumezkoengan gatazka funtsezkoenak zein diren, eta eguneroko bizimoduan (bai etxean eta bai kalean) topa daitezkeen konplexutasunetako batzuk ere agertuko ditut.


Azaldu du:

Capitolina Díaz Martínez And.

María Pazos Moran And.

Clara Coria And.

Lotutako artxiboak:

Díaz.C_07_cast.pdf (Gaztelania)

Pazos.M_07_cast.pdf (Gaztelania)

Coria.C_07_cast.pdf (Gaztelania)

Coria.C_07_eus.pdf (Euskara)

Díaz.C_07_eus.pdf (Euskaraz)

Pazos.M_07_eus.pdf (Euskaras)

Agresibitatea eta nagusitasuna maskulinotasunaren ezaugarri gisa

IV. panela: Biolentzia eta Kriminalitatea
Txostena: “Agresibitatea eta nagusitasuna maskulinotasunaren ezaugarri gisa”

Agresibitatea eta nagusitasuna maskulinotasunaren ezaugarri gisa

Tamar Pitch

Hiri-segurtasuna Europako herrialde gehienetako politiketako eta hitzaldi loretsuetako gairik nagusienetako bihurtu zaigu, bai herri- eta hiri-mailan bai nazio-mailan. Hala ere, politika eta hitzaldi horiek argumentatzeko moduan ez da kontuan hartzen –eta sarritan ezta argumentuak berak ezartzeko moduan ere– hiri-biztanleak emakumezkoak eta gizasemeak direla, eta oso alde handiak daudela segurtasuna sentitzeko eta bizitzeko gizonen moduaren eta emakumeenaren artean. Alderik nagusienetako batzuk aipatzearren, hona hau: gizonezkoak dira kaltegileak, eta emakumezkoak biktimak, gizonezkoen biktimak, ez alderantziz; eta sarriago dira biktima etxeko babesean eta laneko tokietan herrietako gune libre eta publikoetan baino. Hitzaldi honetan erakutsi nahi dena da emakumeek problema hau dela-eta sentitzen dutena kontuan hartuta, politikek bestelakoak izan behar dutela, ez orain artekoak bezalakoak: emakumeek behar dutena ez da hiri-guneak esterilizatzea, baizik eta gizarte-, ekonomia- eta kultura-baliabide gehiago, hirigune horietan konfiantzaz ibili ahal izateko.


Elena Larrauri Pijoan

“Iparramerikako solasetan saminkortasun handiena sorrarazi duen auzietako bat, zalantzarik gabe, ‘emakumeek ere jo egiten dutela’ jakitea izan da eta, horrek etxeko edo bikotekideen arteko tratu txarren ‘simetriaz’ hitz egitea bideratu du. Tesi horren defendatzaile nagusiak esaten duenez, ordea, jokabideak simetrikoak badira ere, emaitza ez da simetrikoa (Straus, 1993; 1999).

Horren ondorioz, eztabaida teoriko interesgarria sortu da, gizonezkoek eta emakumeek eragiten duten bortizkeriaren ezaugarriak bereizteko. Zenbait egile emakumeren laburpenaren arabera (Loseke-Kurz, 1993; Yllo,1993; Johnson,1995; Renzetti, 1999; Strauss,1999; Daniel O’Leary,2000; Miller, 2001; Das Dasgupta,
2002; Worcester, 2002), emakumeek familiaren barruan eragiten duten indarkeria bereizteko, jeneralean, honako adierazle hauek erabil daitezke:

- Indarra, hau da, erasoak zenbatzeko erabiltzen diren estatistiketan emakumeek tasa handia ematen badute ere, eragindako kaltea askoz ere txikiagoa izan ohi da.

- Helburua Emakumeek eragindako indarkeriaren parte bat defendatzeko da.

- Arrazoiak Emakumeek eragiten duten indarkeria gatazka jakin baten ondoriozkoa izan ohi da eta ez da izutzeko edo zigortzeko asmo orokorra izan ohi.

- Testuingurua Emakumeak eragindako bortizkeriak ez du beldur iraunkorra eta ahalguztiduna sorrarazten, edota nabarmenagoa izan ohi da, zeren, emakumeak hautsi egiten baitu dagokion rola; gizonezkoen indarkeria, ordea, txikiagotzeko joera dago, zeren etxeko buruaren rolari eustearekin lotzen baita.

Bereizketa horiek lege penaletan adierazteko erari buruzko hausnarketa egin behar da”.


Andrés Montero Gómez

Gizartea emakumearen aurkako indarkeria maskulinoaz sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko prozesua luzea izan da eta zaila da, oraindik ere. Oso normala da erresistentzia ugari egotea, erresistentzia kulturalak, alegia, zeren indarkeria, beti ere, inor mendean hartzeko tresna baita, eta kasu honetan inor hori emakumea da. Mendean hartzeari etekina ateratzen duenak ez du amore emango eta ez du erauzten utziko. Indarkeria jokabide konplexua da eta inposatzeko asmoaren menpe dago. Imajinatu edonolako indarkeria-adierazpena eta beti, erasotzaileak, biktimari, hau da, agresioa jasotzen duen pertsonari, zerbait inposatu nahi diola konturatuko zarete. Soldaduak batailan erabiltzen duen indarkeria legitimo edo ez-legitimoa, agintariek kaleko manifestazioak zilegi geldiarazteko erabiltzen dutena, lapurrek edo terroristek egiten dituzten indarkeria-adierazpenak eta gizonezko batek Espainian tratu txarrak jaso dituzten bi milioi eta erdi emakumeetako batengan eragin dezakeen indarkeria iraunkorra, denak dira indarraren instrumentazioak, beste pertsonak indarkeria eragiten duenak nahi duen bezala porta daitezen. Indarkeria batzuek nahi dutena besteei inposatzeko erabili ohi da.

Legearen inperioan oinarritzen diren demokrazietan, eragile jakin batzuei indarkeria zilegia erabiltzeko eskumena ematen dieten balioztatutako baldintzak daude. Baldintza jakin batzuetan, botere publikoek hiritarrak zerbait egitera derrigortzeko legitimitatea dute. Baldintza horiek denek legeetan hitzartutakoak dira eta mehatxatzen gaituen zerbait dagoenean aipatzen dugun gaitz-erdia omen dira. Baldintza horietatik kanpo, indarkeriak ez dira legitimoak edo legez kanpokoak dira.

Emakumeenganako indarkeria maskulinoa benetan ulertu nahi badugu, bi premisa onartu behar diegu aurreiritzirik gabe. Lehenbizikoa honako hau da: indarkeria ez-legitimoa, besteei euren nahiak legez kanpo inposatu nahi dizkieten pertsonek erabili ohi dute. Bigarrena hauxe da: gizartea, oraindik, botere- eta menderatze-kode maskulinoen arabera eraikita dago.

Emakumeenganako indarkeria maskulinoa generoen arteko desberdintasun- eta asimetria-kodeetan oinarritzen da eta sozialki transmititzen dira. Gizonezkoek bidegabeki eduki dute eta daukate botere soziala, gaur egun, orain arte izan dena baino askoz gutxiago bada ere. Tradizioz, gizonezkoek egokiak iruditu zaizkigun baliabideak erabili izan ditugu boterea mantentzeko eta beste gizonezkoei lehian irabazteko. Emakumeak derrigorrez geldiarazi ditugu. Gainera, kode maskulinoen arabera gizarteratuz kontrolatu ditugu. Sinplifikatzeko arriskua izanik, orain dela urte askotik gertatu dena zera izan da: garapen ekonomikoak, gizonezkoen artean boterearengatik lehiatzeko sorrarazi ditugun gerrekin batera, sorrarazi dituzten baldintzei esker gizonezkoek boterearen parte bat utzi diete emakumeei. Gizonezkoek ezinbestekotzat jotzen dute boterearen parte hori uztea, aurrerapen sozialaren mailak mantentzeko eta uzte hori gizaki izatearen kontzientzia hartzearekin bat datorren emakumeen sinergiak eragin du. Gizaki-izate hori lortzeko borrokan, emakumeek, maiz, sozialki ezarritako eta sartutako kode maskulino berberak erabili behar izan dituzte. Planteamendu horrek feminista kutsua badu, berez feminista izateagatik baino gehiago, gizaki maskulinoaren historiarekin bat datorrelako da; mugimendu feministak, barneko liskarrek eragozpenak eragin dituzten arren, gogorarazi digun historia, berdintasuna lortzeko bide luzea geratzen zaigula azpimarratuz.

Hortaz, gizonezkoak boterearen parte bat utzi du, baina neurri bateraino baino ez du utzi nahi. Emakumeen aurkako indarkeria, jakina, beti egon izan da. Gizonezkoek eta gizarte maskulinoak betoi pentsatu izan du indarkeria klase jakin bat zilegia zela, emakumearen jokabidea kontrolatzeko. Pentsatu zenbat kosta zaigun, emaztea bortxatzea delitua dela onartzea eta tipifikatzea. Harreman heterosexualetan indarkeria maskulinoa ikustarazteko mugimendu osoa, emakumeek bultzatutakoa eta gizenezkoon laguntza handirik gabe, sakoneko maskulinotasun hegemonikoaren eredua hankaz gora jartzeko beste aurrerapauso bat baino ez da. Beraz, normala da gizonezko gehienek eta emakume askok, eredu hegemonikoaren arabera gizarteratuta egoteagatik inkontzienteki jarduten duten emakumeek, alegia, nekez onartzen dituzte indarkeria maskulinoaren ebidentzia argiak.

Nagusi den maskulinotasun-kodeak hankaz gora jartzeko iraultzaren aurkako egokitzapen-mugimendu matxista dago. Orain, kontrairaultza maskulino hori hiru bektoreren araberako da. Estrukturalena, berdintasunean oinarritutako ekosistema badagoela eta, beraz, emakumeek berdintasunera inertzia hutsez iritsiko direla aldarrikatzea da. Bektore horren alderdirik txarrena ez da errealitatea ukatzea, baizik eta berdintasunaren parametroak gizonezkoek eurek markatu dituztela, zeren, klabe maskulinoen arabera kodetutako berdintasuna baita. Horren adierazgarri den esaldia, gizonezkoak pentsatutakoa, honako honen antzekoa izango litzateke: “Ondo da, berdinak izan nahi duzue, ezta... ba nire berdinak izango zarete eta neure erregelen arabera jokatuko duzue”.

Maskulinotasun hegemonikoarekin amaitzearen aurkako bigarren bektorea, genero-indarkeria bi aldeetan izaten dela esatea da. Gaur, Espainian unibertsitateetan egin diren zenbait ikerketa daude, landa-lanak egin dituztenak, indarkeria heterosexualaren alde bietako izaera horri buruzko datuak lortzeko. Emakumeen aurkako indarkeria maskulinoa erauzteko lortu den guztia desaktibatzeko planteatu behar den sakoneko argumentua honako hau da: gizonezkoen erasoak, emakumeen euren kontra eragiten duten indarkeria psikologikoari erantzuteko direla aldarrikatzea. Botere soziala bidegabeki daukan matxismoa, zalantzarik gabe, feminismoaren biktima gisa agertuko da.

Adierazpen eta estatistika artean egosten ari den hirugarren baliabide matxista, tratu txar gehienak larriak ez direla esatea da. Azken argumentu honek, indarkeria sustraitik erauzteko osoko legeari oinarria murrizten dio. Izan ere, indarkeria maskulinoa prozesu sistematiko etengabea da: emakumea kontrolatuz eta bakarrik utziz hasten da, gero, beti, indarkeria psikologikoa erabiltzen da eta, azkenik, ez beti, indarkeria fisikoa eransten da. Kontrairaultza maskulinoaren hirugarren tesi honen helburua hauxe da: botere publikoen indarkeriaren aurkako ekintzak, medikuen partearen bidez froga daitezkeen lesioak eragiten dituzten eraso fisikoak daudenean baino ez erabiltzea. Hau da, osoko legeak lortu duen indarkeria maskulinoaren zigorra hasieratik deuseztatzea. Sakoneko helburua, berriz ere generoaren araberako ikuspegirik gabeko kode penala ezartzea da, ‘neutroa’ dela esan diguten hura, hegemonia maskulinoaren zerbitzura dagoena. Ez dago tratu txar arinik, indarkeria mailakatuari dagozkion uneak baizik. Eztabaida tratu txarra ez dela uste duena zuzen dabil. Eztabaidan elkar iraintzea tratu txarra ez dela uste duena oker dabil. Iraintzea, bultzatzea, afektua ukatzea edo bestea barregarri uztea jarduera arinak direla uste duena, bere iritziarekin, gizartean berdintasuna izatea oztopatzen ari da, zeren indarkeria legitimatzen ari baita.

Azaldu du:

Tamar Pitch And.

Elena Larrauri Pijoan And.

Andrés Montero Gómez Jn.

Lotutako artxiboak:

Montero.A_07_cast.pdf (Gaztelania)

Pitch.T_07_engl.pdf (Ingelesa)

Pitch.T_07_cast.pdf (Gaztelania)

Montero.A_07_eus.pdf (Euskaraz)

Pitch.T_07_eus.pdf (Euskaraz)

Gizonak berdintasunaren aurrean. Berdintasuna, gizonekin?

Amaierako hausnartzeak: "Gizonak berdintasunaren aurrean. Berdintasuna, gizonekin?"

Gizonak berdintasunaren aurrean. Berdintasuna, gizonekin?

Jouni Varanka

Genero-berdintasuneko politikaren testuinguruan, azkeneko 20 urteotan gero eta interes handiagoa piztu du gizonen eta genero-berdintasunaren arteko harremanak. Emaitza moduan, nazioarte mailan adostutako hainbat ondorio ditugu gaur egun eskuartean, bai Nazio Batuetatik ateratakoak (CSW 2004 Emakumearen Izaera Juridiko eta Sozialaren Batzordea) eta bai EBtik ateratakoak (EPSCO Kontseilua 2006, Lana, Gizarte-Politika, Osasuna eta Kontsumitzaileak). Horrek esan nahi du ikuspegi nagusienak instituzionalizatzen ari direla. Dena den, gai hau erabat garatzeko dago oraindik.

Gizonei eta genero-berdintasuneko politikei buruzko nazio-estrategiako agiri bat idatzi dut beste zenbait egilerekin batera Finlandiako Gobernuarentzat. Lan horretan eta antzeko beste batzuetan oinarrituta, genero-berdintasuneko politiketan (hala nazio mailakoetan nola eskualde mailakoetan) garrantzia estrategikoa duten erronka eta ikuspegietako batzuk azpimarratuko ditut. Genero-berdintasunaren inguruan gizonekin egin beharreko lana genero-berdintasuneko politika orokorrago baten testuinguruan integratu beharko litzateke, bai antolakuntza ikuspegitik eta bai helburuei begira. Genero-berdintasuneko ekimen gehiago behar dira gizonei zuzenduak, gizonei eta emakumeei zuzendutakoez gain. Gizonezkoekin eta genero-berdintasunarekin lotutako politikak batez ere bi arlotan gauzatzen direla dirudi: lanaren eta bizitza pribatuaren bateragarritasuna eta gizonen emakumeenganako indarkeria. Dena den, gai horiek gizonezkoek duten jarreraren ikuspuntutik aztertu beharko lirateke, ahal da eta.

Gizonezkoen eta genero-berdintasunaren inguruan sarrien egiten den galdera hau da: “Zergatik parte hartu beharko lukete gizonek?”. Galdera honi eman ohi zaion erantzun arrunta aztertuko dut eta genero-berdintasunaren politikatik garatuko. Normalean gizonezkoen interesaren arrazoiak lau multzotan banatzen dira: 1) berdintasunaren balio etikoa; 2) berdintasunaren onurak gizartean; 3) berdintasunaren onurak gizonezkoengandik gertu dauden emakumeengan; 4) berdintasunaren onurak gizonezkoengan beraiengan. Bi ideiaren bidez garatuko dut argudio hau. Lehen-lehenik, erakutsiko dut emakumeak boterera eramatea helburu duten genero-berdintasuneko politiken neurriak gizonezko askoren onerako ere badirela. Bigarrenik, gizonezkoen eta emakumezkoen bizitzak –eta, beraz, arazoak– denok irabazi edo denok galdu dinamikan korapilatuta daude sarri. Horren adibide garbiak aurki daitezke “eguneroko bizimodua” gaiari buruzko eremuan.

Azaldu du:

Jouni Varanka Jn.

Lotutako artxiboak:

Varanka.J_07_engl.pdf (Ingelesa)

Varanka.J_07_cast.pdf (Gaztelania)

Varanka.J_07_eus (Euskaraz)

Legezko informazioa

  • Copyright